Gernika

Berrogeita hamar bat kide dituen elkarte hau, abesbatza eta dantzarekin lotura duten ekintzetan murgiltzen da eta Pariseko Eskual Etxeko abesbatza zaharrena dugu.

Hendaiako Paul Legarraldek sortu zuen talde hau 1932an, Errepika izena eman ziolarik. Iparraldeko eta hegoaldeko eskualdunak batu ditu hasieratik, kantu eta dantzen bidez eskual kultura aurrera eramateko. 1937an hartu zuen Gernika izena elkarteak, herriak pairatu zuen bonbardaketari ohore egiteko. Abesbatza misto honen errepertorioak pieza polifoniko euskaldunetan aurkitzen du bere muina. Kontzertuak, emanaldiak eta ekitaldiak gehienbat Pariseko eskualdean ematen badira ere, beste probintzietan eta atzerrian ere izan ditugu. Gernikak gustuko du gainera, beste musika taldeekin elkarlanean ibiltzea.

Laura Etchegoyhen (Sohütako Xiberotarra)-ek zuzentzen du gaur egun berrogei bat amateurrez osatua dagoen abesbatza hau. Bere 80 urteak ospatzeko asmoz, Gernikak bere lehen CDa grabatu du, “Lauetan hogoi”, 2012ko uztailean Hendaian eta Pasaia Donibanen emandako kontzertuetan eskainitakoa bilduz Entseguak asteazkenero izaten dira, zortzi eta erdietatik hamar eta erdietara, Pariseko Eskual Etxean. Kantuaren zale diren guztiek eta bihotzez eskualdunak direnek ateak irekita dituzte, gure musikaren eta usadioen maitale direnek.